
Gordina, xamurra eta fina da Roberto Castónen luzemetraila. Istorio ttikia da, bihotza artazika jartzen dizun istorio ttiki horietakoa. Sinestu egin dut erabat, Ander zu eta ni bezalakoa delako: kontraesanak ditu, barne disonantziek jan egiten dute, eta ez da beti aurrera egiten ausartzen. Bere buruari dio beldur, bere buruak pentsa lezakenari, bere aurreiritziei. Eta ez da libre.
Erritmoak landa giroarekin egiten du bat, era leunean, naturalean, atseginean. Pixkanaka -pixkanaka kontatu digute Anderren istorioa, eszenaz eszenaz, xehetasunez xehetasun, elkarrizketez eta begiradez. Eta era xamur eta finean sartu zait istorio gordin hau, esan bezala. Autentikoa delako, erreala, ezinbestekoa.
Nazioarteko hamaika zinemalditan txalo zaparrak jaso ditu Roberto Castónek, eta Europako Parlamentuko LUX Sari ofiziala, 59. Berlinaleko CICAE Saria, Uruguayeko Nazioarteko Jaialdian pelikula, zuzendari eta aktore Onenari Sariak, eta Luzemetrail Onenari Saria Valladoliden, besteak beste.
Pelikula ez da hobea sariak aitortu dizkiotelako, ezin baita ikuslea sariez hunkitu. Baina nazioarteko arrakasta nabarmendu behar dut, tarteka kalitatezko filmak baloratzeko era bakarra dirudielako, Zinegoak jaialdiaz gain Euskal Herriko areto komertzial bakarrean izan dugulako ikusgai. Astebetez izan dugu Ander ikusteko parada Bilbon bizi garen hiritarrok. Paradoja bitxia baserri giroan errodatuko film iraultzaileaz ari garela.
No hay comentarios:
Publicar un comentario