sábado, 31 de octubre de 2009

Amenabarfilia: Los Otros




Aurreko asteetan komentaturiko "Tesis" eta "Abre los Ojos" pelikulekin gertatzen zen eran, "Los Otros" luzemetraileko protagonisten errealitatearen zentzua kolokan jartzen du Amenabarrek. Ulertezin zaigun heriotzaz, arrotz, ezezagun eta ulertezin zaigun heriotzaz ari zaigu.

Aurreko bi filmetan eszenografia hiritarra zen ikusgai, erraz identifika zitekeen errealitate madrildarra, tarteka modernotasun superfizial eta absurdoa erakusten zuen arren. Grace eta bere seme-alabak berriz, Jersey ingeleseko irlako etxe zaharrean bizi dira. Inguru irreal eta abstraktuan, dentsitate itogarria eta klaustrofobikoa duen terrore eszenatokian. Etxeak ez du argi elektriko, telefono ez irratirik, eta mundutik aldenduta dirau. Gracek bere borondatez isolatu delako sentsazioa ematen dit, seme-alaben fotosentikortasunari egozten dio beren gatibatzea, bai, baina hertsiki eusten dio misantropiari. Haurrek ezin dute argia ikusi, ama bezala dira itsu errealitatearen aurrean, beren fikzioa eraiki dute, fanatismo kristauak eta isiltasunaren behar patologikoak eutsitako fikzioa.


Mills anderea eta Annek, protagonistaren alabak, egiten diote desafio Gracen autoritateari, besteek ilunpean mantendu gura duten egia azaleratuz. Zarata, pauso, haizearen mugimendu ala argazki zaharrek,
atzerabegirakoan ulertuko ditugun informazioek eta tartekako sustoek klasizismo zinematografikoa iragartzen dute. Ukaezina da Hitchcocken eragina eszenaratzearen dotorezian eta in crescendo doan tentsio narratiboan. Ez darabiltza kamera mugimendu bortitz eta kontrol gabeak, odola eta histeria, beldurrezko hainbat pelikula garaikidetan gertatzen den bezala.

Edonola, ez du ezer berririk aurkeztu Amenabarrek, zine komertzialaren aginduei egin die men, eta beldurrez gozatzeko pelikula txukuna burutu duen arren, ozta-ozta erantzun die nire espektatibei. Hollywoodeko Star Systemetik maila berean berriz ikusi ez dudan Nicole Kidman zurrun eta apartekoa hartu du zuzendariak. Bere begiradak introspektiboa dirudi, kanpoko ezer ikusten ez duela.

"para todo lo demás... eMule"

Banoa zinerantz. Banoa tranbiaz, denboraz juxtu-juxtu hitzordura. Lehiatilako emakumearen ile laranja atsegin dut, zinearekin asoziatzen dudalako, ala akaso Ines berarekin. Ilusioa egiten zigun harekin berba egiteak, eta orain ile laranja hori ikusi eta beti oroitzen naiz Inesekin, eta asteazkenekin, eta zinearekin. Nostalgia goxoak epeldurik gordetzen dut karteran txartela eta banoa aretora, aurre-aurrean ez, baino atzeregi ere ez, betaurrekoak ahaztu baitituzu beste behin ere. "Ez kontatu ezer pelikulaz, ee, eztut jakin nahi" xuxurlatu didazu. Eta trailerrei begira jarri gara, ados ikusiko ditugun filmekin, are gehiago ikusiko ez ditugunekin. Ilunpetan gelditu gara, eta pantaila beltzeko puntutxoek liluratzen nautela kontatu dizut begiradarekin, baina zuk bazenekien. Eta une neurtezin batez, ipuina irakurtzen hasiko zaizkion haurrari bezala handitu zaizkigu begi niniak. Pantaila erraldoiko fikzioen iruzurrak sinestu ditugu, uzkurtu egin naiz eta zuk betaurrekoen atzean ezkutatu dituzu malkoak, inor kontura ez dadin. Baina ez dakizu negar egin aurretik belaunak aulkian bilduaz ohartarazten nauzula. Den-dena ez dakizu. Bi, hiru ala bost kaña mahai gainean, filmearen usain eta zaporeaz hitz egin dugu, gauez zinean harrapaturik utzi gintuzten ostiral hura oroituz. Para todo lo demás... eMule.

sábado, 24 de octubre de 2009

Amenabarfilia: Abre los Ojos



"Imaginatu inoiz goizean goiz esnatu eta kalera irten, Madrileko Gran Víara joan eta ez dagoela inor, bakarrik zaudela munduan. Horixe sentituko duzu Abre los Ojos pelikulan", zioen Amenabarrek 97an filma estreinatzean.

Abre los Ojos alienazioaz ari zaigu. Alienazio guztiez. Azken finean, zer dakigu gure inguruaz? Zenbat eratara interpretatu daiteke errealitate bera?

Istorioan gertatzen den guzti -guztia dago psikiatrikoan gatibu duten Cesarren buruan. Cesar pertsonalitate anitzak dituen pertsonaia da, dualtasunean behinik behin, badabil. Mundu erreala eta ametsezkoa, iragana eta orainaldia, edertasuna eta zatartasuna, eta bizitza eta heriotzaren arteko dualtasunean. Nuria, Sofia eta berak osatzen dute triangelua: Nuria grina, pasioa, ezegonkortasuna eta abentura da Cesarrentzat, eta Sofia berriz, maitasuna eta egonkortasuna.


Errealitateari buruzko diskurtso postmodernoa darabil zinegileak. George Berkeleyk zioen pertsonak berak eraikitzen duela bere mundua, ez dagoela sujetuaz haratago errealitaterik.
Amenabarrek Cesarren esku uzten du honen mundua, honen errealitatea. Platonen aitzuloko mitoa eta Calderon de la Barcaren La Vida es Sueño bera ageriko erreferentziak dira. Zientzia fikzio kutsu bortitzezko filman, ametsez ere ari zaizkigu: lo, esna ala birtualki programaturik bizi ditugun ametsez.

Kontuak kontu, Amenabarren pertsonaiak kezka existentzialistaz josita daude: ametsetan, heriotzan ala gorputz mugiezinetan harrapaturik, datozen pelikuletan ere komentatuko dugun bezala. Kultuko pelikula da Abre los Ojos, behin eta berriz ikusteari uzten ez diozun horietakoa, berezia, geniala... zinea.

Buda Az Sharm Foru Rikht




Hana Makhmalbafek erabat liluraturik nauka, hunkitu eta kokildu egiten nau artistak. "The day when my aunt was ill" laburmetraia bederatzi urterekin aurkeztu zuen Locarnoko Jaialdian, hamalau urterekin bere ahizparen pelikula "At five in the afternoon"i buruzko dokumentala izan zen, eta hamabostekin "Visa for one moment" olerki liburua. Eta nik bere aita Mohsen Makhmalbaf soilik nuen ezagun ordurate, duela pare bat udazken Buda As Sharm Foru Rikht zinemaldian ikusi nuen arte.

Zinemagile iraniarrak Afganistan eta Irango errealitatea sei urteko neskatxo baten begiradaren bidez kontatzen digu. Baktayk egunero entzuten du bizilaguna ipuin bera behin eta berriz irakurtzen, eta berari ere eskolara istorio dibertigarriak ikastera joaten uzten dioten arte borrokatuko du. Odisea bat biziko du koadernoa eskuratzeko, eta arkatzik ez duenez, amaren ezpainetakoa eramango du haren ordez. Talibanez mozorrotutako haurrek harrapatuko dute bidean, eta "begi politegiak" dituzten beste hiru neskarekin hartuko dute gatibu.

Lehen planoz josita dago pelikula, artistak haur errugabearen espresibitateaz hunkitzen baitu ikuslea. Tarteka errealitate intraszendentalari egiten dio so, kutsu poetiko eta inozentzia apartekoaz. Gerraren hondamena eta galdutako haurtzaroa salatzen dizkigu beste batzuetan, mezu ideologikoa transmitituz, baina zintasunari uko eginez eta sutiltasun eta intimismoa galduaz.

"Azken hamarkadetan Iran eta Afganistanen muturra sartu duten komunista, taliban eta amerikarrek dena suntsitu dute, eta ez dute astirik izan ezer konpontzeko", Hana Makhmalbafen hitzetan. Haurrek helduengan ikusitako jarrerak imitatzen dituzten metafora sozio-politiko honetan, talibanen intolerantzia, matxismoa eta erregimen diktatorialaren indarkeriari kritika egin die zuzendariak, baina amerikarren lekukotasuna ere jartzen du kolokan, herri afganiar eta iraniarraren jite eta tradizio, ideal eta kulturak zapuztu baitituzte.


sábado, 17 de octubre de 2009

Amenabarfilia: Tesis



Agora ez dut oraindik ikusi, baina superprodukzioek eragin ohi duten jakinmina piztu du geurean eta Cannesen ere eman du zeresanik. Alejandro Amenábarren pelikulak genialak direla pentsatzen nenbilela, datozen asteetan zinemagileari tartetxo bat uztea erabaki nuen aurrekoan, ala akaso modan dagoelako besterik ez dut egiten (esan nizun zu eta bion artean ez genuela iruzurrik). Edonola, pentsaera arrazional(egi)ak hasieratik hastea eskatzen didanez, hona hemen opera prima.


Suspensezko kartelean miran dagoen Ángela ikus-entzunezko medioetako bortizkeria aztertzen ari da bere tesian. Kontuan sakondu ahala, irakaslea eta gore pelikulen fanatiko Chema ere gertaera bitxietan korapilatuko ditu.


Ikuspuntu iradokitzailetik kontatu digu Amenábarrek thriller psikologikoa. Intriga mantentzeko mekanismoak badakizki eta ikusleari egonezina transmititzen dio traman ezusteko birak emanez. Benetako hilketak errodatzen dituzten snuff movie-en zitalkeria eta gizakiok debekatutako kontuei ikusten diegun morboa kritikatzen ditu zuzendariak.

Min Dit - The Children of Diyarbakir

Negrita

Hamar urteko Gulistan eta bere neba gazte Firatek gidatu gaituzte Diyarbakir hiri kurduko kaleetan Miraz Bezarren opera priman.

Gurasoak zerbitzu sekretu paramilitarreko kideek erailik, Gulistan eta Firat umezurtzen biziraupena era leial eta zuhurrean erretratatu digu zuzendari kurdu -alemaniarrak, sentsazionalismoa ekidinez. Haurrak suediako aitonaren etxera eramateko bisa lortu nahian dabilela bahitu dute izeba Yebkun, isilpeko aktibista kurdua. Hortaz, beren kaxa ekin diote anaia jaioberriaren zaintzari, baina ohartu orduko, kale gorrian daude Gulistan eta Firat. Neska estalki bezala erabili eta era berean zainduko duen prostituta Dilara , kalean hazi den Zelal edo gurasoen hiltzailea bera gurutzatuko dira beren bizitzetan.

Istorio osoan argumentuari eusten jakin du Miraz Bezarrek, ez da haurrak bereziki begiko izan ditzagun saiatu eta Diyarbakir baztertua zein kurduekiko errepresioak mugiarazi ez duena erakutsi dizkigu. Haurren ikusmiratik pintatu digu koadroa, duela pare bat urte Buda Explotó por vergüenza filmean Hana Makhmalbafek egin bezala. Zinemagile biek jaso dute Donostiako zinemaldian zuzendari berriei aitortzen zaien Gaztea Saria, Min Dit izan baita aurtengoan irabazle ukaezina.

lunes, 5 de octubre de 2009

hatoz, hatoz

"Ongietorri nere etxera. Senti zaitez aske zeure borondatez sartzeko, eta utz ezazu dakarzun zoriontasunaren apur bat". Txoko honetan gezurrak kontatuko dizkizut, baina iruzurrik egin barik. Pantaila handitik txikira dakarkit fikzioa, fikzio gordin eta magikoa. Zinea.