
“The mysterious, yearning, secretive, sad, lonely, troubled, confused, loving, musical, gifted, intelligent, beautiful, tender, sensitive, haunted, passionate, talented Mr.Ripley” omen da Anthony Minghellaren pelikularen izenburu osoa. Tom Ripley laurdenkatu egiten digu zuzendariak filmari lazoa askatu eta oparia irekitzen hasten garenetik. Hamar urteren ostean, liluratu eta seduzitu egin nau Mr.Ripleyk, beste behin ere. Tomek Dickie eta Marge ezagutzean Dickiek azala zuriegi duela esango dio Tomi, iseka eginez eta honek lehen geruza besterik ez dela erantzun. Tom Ripleyk ikuslea pelikula osoan zehar harrapatuko du, bere hamaika geruzez hipnotizatuko.
Patricia Highsmithek 1955ean kaleratu zuen “The Talented Mr.Ripley” nobela -bost idatzi ditu Mr.Ripleyri buruz- eta René Clémentek eraman zuen zinera lehenengoz, “Plein Soleil” izenpetuz. Ez dut ordea, bi filmen arteko konparaketarik egin nahi, biak baitira itzelak, maisu lanak.
Mongibello herri napolitarreko hondartzan topatuko du Ripleyk Dickie Greenleaf. Eszenatoki zoragarri hartan, “fotografia apartekoa” esango lukete adituek, La Dolce Vitta ezagutuko du, Dickie eta bere maitale Margen eskutik. “Hot Jazz Vesubio” clubean My Funny Valentine leunki abestuko digu Matt Damonek, Ripleyren paperean murgildurik eta ausardiaz Tu Vuo’ Fa l’americano, Dickiek saxoaz laguntzen duela. Xakean jokatuko dute Dickieren bainugelan, filmeko eszena erotikoena eskainiz. “Zure bizitza maitemindurik egotea bezala da”, aitortuko dio Tomek eta Jude Lawek dotoreziaz interpretatutako Dickiren bizimodu ziniko eta hedonista, Dickie bera, desiratuko du.
Mr.Ripleyk ezin izango du honen gaitzespena onartu. Hil eta hondoratu egingo du Capriko itsaso urdinean eta ikusleok plano pikatu kezkagarritik egingo dugu zelatan. Istorioak ezusteko bira eman eta heldu da thrillerraren unea. Mr.Ripleyk Dickie Greenleafen maskara jantziko du, azkenik. “Es mejor ser un alguien falso que un don nadie autentico”, aitortuko digu. Istorioko pertsonaia ambiguoek zapore gazi-gozoa utzi didate, errol “grixez” jositako pelikulan. Mr.Ripleyk bere talentuaz limurtu nau, beste behin ere.