
Aurreko asteetan komentaturiko "Tesis" eta "Abre los Ojos" pelikulekin gertatzen zen eran, "Los Otros" luzemetraileko protagonisten errealitatearen zentzua kolokan jartzen du Amenabarrek. Ulertezin zaigun heriotzaz, arrotz, ezezagun eta ulertezin zaigun heriotzaz ari zaigu.
Aurreko bi filmetan eszenografia hiritarra zen ikusgai, erraz identifika zitekeen errealitate madrildarra, tarteka modernotasun superfizial eta absurdoa erakusten zuen arren. Grace eta bere seme-alabak berriz, Jersey ingeleseko irlako etxe zaharrean bizi dira. Inguru irreal eta abstraktuan, dentsitate itogarria eta klaustrofobikoa duen terrore eszenatokian. Etxeak ez du argi elektriko, telefono ez irratirik, eta mundutik aldenduta dirau. Gracek bere borondatez isolatu delako sentsazioa ematen dit, seme-alaben fotosentikortasunari egozten dio beren gatibatzea, bai, baina hertsiki eusten dio misantropiari. Haurrek ezin dute argia ikusi, ama bezala dira itsu errealitatearen aurrean, beren fikzioa eraiki dute, fanatismo kristauak eta isiltasunaren behar patologikoak eutsitako fikzioa.
Mills anderea eta Annek, protagonistaren alabak, egiten diote desafio Gracen autoritateari, besteek ilunpean mantendu gura duten egia azaleratuz. Zarata, pauso, haizearen mugimendu ala argazki zaharrek, atzerabegirakoan ulertuko ditugun informazioek eta tartekako sustoek klasizismo zinematografikoa iragartzen dute. Ukaezina da Hitchcocken eragina eszenaratzearen dotorezian eta in crescendo doan tentsio narratiboan. Ez darabiltza kamera mugimendu bortitz eta kontrol gabeak, odola eta histeria, beldurrezko hainbat pelikula garaikidetan gertatzen den bezala.
Edonola, ez du ezer berririk aurkeztu Amenabarrek, zine komertzialaren aginduei egin die men, eta beldurrez gozatzeko pelikula txukuna burutu duen arren, ozta-ozta erantzun die nire espektatibei. Hollywoodeko Star Systemetik maila berean berriz ikusi ez dudan Nicole Kidman zurrun eta apartekoa hartu du zuzendariak. Bere begiradak introspektiboa dirudi, kanpoko ezer ikusten ez duela.
No hay comentarios:
Publicar un comentario