sábado, 24 de octubre de 2009

Buda Az Sharm Foru Rikht




Hana Makhmalbafek erabat liluraturik nauka, hunkitu eta kokildu egiten nau artistak. "The day when my aunt was ill" laburmetraia bederatzi urterekin aurkeztu zuen Locarnoko Jaialdian, hamalau urterekin bere ahizparen pelikula "At five in the afternoon"i buruzko dokumentala izan zen, eta hamabostekin "Visa for one moment" olerki liburua. Eta nik bere aita Mohsen Makhmalbaf soilik nuen ezagun ordurate, duela pare bat udazken Buda As Sharm Foru Rikht zinemaldian ikusi nuen arte.

Zinemagile iraniarrak Afganistan eta Irango errealitatea sei urteko neskatxo baten begiradaren bidez kontatzen digu. Baktayk egunero entzuten du bizilaguna ipuin bera behin eta berriz irakurtzen, eta berari ere eskolara istorio dibertigarriak ikastera joaten uzten dioten arte borrokatuko du. Odisea bat biziko du koadernoa eskuratzeko, eta arkatzik ez duenez, amaren ezpainetakoa eramango du haren ordez. Talibanez mozorrotutako haurrek harrapatuko dute bidean, eta "begi politegiak" dituzten beste hiru neskarekin hartuko dute gatibu.

Lehen planoz josita dago pelikula, artistak haur errugabearen espresibitateaz hunkitzen baitu ikuslea. Tarteka errealitate intraszendentalari egiten dio so, kutsu poetiko eta inozentzia apartekoaz. Gerraren hondamena eta galdutako haurtzaroa salatzen dizkigu beste batzuetan, mezu ideologikoa transmitituz, baina zintasunari uko eginez eta sutiltasun eta intimismoa galduaz.

"Azken hamarkadetan Iran eta Afganistanen muturra sartu duten komunista, taliban eta amerikarrek dena suntsitu dute, eta ez dute astirik izan ezer konpontzeko", Hana Makhmalbafen hitzetan. Haurrek helduengan ikusitako jarrerak imitatzen dituzten metafora sozio-politiko honetan, talibanen intolerantzia, matxismoa eta erregimen diktatorialaren indarkeriari kritika egin die zuzendariak, baina amerikarren lekukotasuna ere jartzen du kolokan, herri afganiar eta iraniarraren jite eta tradizio, ideal eta kulturak zapuztu baitituzte.


No hay comentarios:

Publicar un comentario