
Beste zinegile espainiarrek ez dituzten pribilegioak erdietsi ditu Amenabarrek. Azken asteetan aztertu ditugun lau pelikulei nazioarteko sari andana aitortu zieten, takilan arrakasta izugarria izan eta kritikaren sektore zabala liluratu zuten. Kritikari bati zera irakurri nion: Amenabarrek sudur puntan jartzen zaion pelikula egin dezakela egun. Ez dakit, baliteke.
Berak Peplum genero zailari kutsu errealista emateko hautua egin du, zine komertziala eta "autore" zinea uztartuz, Hollywood Californiatik kanpo sortuaz. Produkzio erraldoiek ordea, zama itzela dakarte, aurrekontuko zeroen zama, eta honek nekez uzten du abentura erromantikoetarako tarterik.
Tesia zein den argi dago: erlijioarekin lotutako fanatismoa eta tolerantzia ezak eragiten dituen kalte eta biolentzia ia etengabekoa. Gaur-gaurko gaia da, eta ezin ukatu filmak ausart heldu diola, halako pelikuletan ohikoa baita kristauak biktima gisa agertzea, eta ez borrero.
Edonola, zuhaitzari adarrak ahul xamar atera zaizkio. Batetik, Hipatiaren beraren alderdi zientifikoa adabakiz osatuta dago. Han eta hemen sartutako sekuentzien bitartez haren burutazio eta aurkikuntzen berri eman nahi izan digu, oso era bortxatuan. Horrez gain, izan nahi den eta ez den maitasun istorioa guztiz jokoz kanpo geldituko da, eta Hipatiaren birjintasun zientifiko-espirituala batere sinesgarritasunik gabekoa da.
Hala eta guztiz ere, ikuslearen arreta bizirik mantentzen jakin du. Xedea film ikusgarri eta atsegina egitea baldin bazen, gorabeherak gorabehera, bete du. Hortik aparteko guztiak aurrekontu txikiagoetara itzultzen denerako utzi ditu.
No hay comentarios:
Publicar un comentario