lunes, 9 de noviembre de 2009

Amenabarfilia: Mar Adentro



Zuzendari madrildarraren hitzetan, heriotza da Tesis, Abre los ojos, Los otros eta Mar Adentro elkarrekin lotzen dituen zilbor-hestea. Azken asteetan komentatu bezala, erabat ados nago zinemagilearekin, eta denetan errealitatearen pertzepzioa kolokan jartzen duela erantsiko nuke. Postmodernoek dioten bezala, sujetuak eraikitzen du bere errealitatea, izatea "esse est percipi", guk pertzibitzen duguna da.

Sakoneko gaiak alde batera utzita, Amenabarren estiloaren koherentziak harritzen nau. Aurreko filmeak suspensezkoak ziren, eta honakoa, berriz, melodrama gordina. Istorio denek hartzen dute baina, ikuslearengana hurbiltzeko forma, baina Amenabarren kezka eta pintzeladek hortxe diraute.


Amenabarrek bidaia batera gonbidatzen du ikuslea Ramon Sanpedroren afera kontatzeko. Bidaia hori bizitzatik heriotzara doa, eta alderantziz. Bidaia da xedea. Zuzendariak hautu interesgarriak egin ditu istorioan; batetik, uko egiten die ohean mugitu ezinik dirauen Sampedroren flash backei. Hala, erabateko elbarritasuna eragin zion istripua da atzera begirako esplizito ia bakarra eta gainerakoak iradoki besterik ez dira egiten. Bestetik, zuzendariak amarauna sortzen du Sampedroren bizitza eta bere ingurukoena elkarri era naturalean lotuaz, eta bigarren mailako pertsonaiek enborreko istorioari adar interesgarriak eransten dizkiote. Ia bazterrean uzten du Sampedroren kasuak sortutako zurrunbilo judiziala eta legeaz aparte erakusten du bere ikuspuntu morala, hain berea den sentikortasunaz.

No hay comentarios:

Publicar un comentario