miércoles, 9 de diciembre de 2009

The Talented Mr.Ripley



“The mysterious, yearning, secretive, sad, lonely, troubled, confused, loving, musical, gifted, intelligent, beautiful, tender, sensitive, haunted, passionate, talented Mr.Ripley” omen da Anthony Minghellaren pelikularen izenburu osoa. Tom Ripley laurdenkatu egiten digu zuzendariak filmari lazoa askatu eta oparia irekitzen hasten garenetik. Hamar urteren ostean, liluratu eta seduzitu egin nau Mr.Ripleyk, beste behin ere. Tomek Dickie eta Marge ezagutzean Dickiek azala zuriegi duela esango dio Tomi, iseka eginez eta honek lehen geruza besterik ez dela erantzun. Tom Ripleyk ikuslea pelikula osoan zehar harrapatuko du, bere hamaika geruzez hipnotizatuko.

Patricia Highsmithek 1955ean kaleratu zuen “The Talented Mr.Ripley” nobela -bost idatzi ditu Mr.Ripleyri buruz- eta René Clémentek eraman zuen zinera lehenengoz, “Plein Soleil” izenpetuz. Ez dut ordea, bi filmen arteko konparaketarik egin nahi, biak baitira itzelak, maisu lanak.

Mongibello herri napolitarreko hondartzan topatuko du Ripleyk Dickie Greenleaf. Eszenatoki zoragarri hartan, “fotografia apartekoa” esango lukete adituek, La Dolce Vitta ezagutuko du, Dickie eta bere maitale Margen eskutik. “Hot Jazz Vesubio” clubean My Funny Valentine leunki abestuko digu Matt Damonek, Ripleyren paperean murgildurik eta ausardiaz Tu Vuo’ Fa l’americano, Dickiek saxoaz laguntzen duela. Xakean jokatuko dute Dickieren bainugelan, filmeko eszena erotikoena eskainiz. “Zure bizitza maitemindurik egotea bezala da”, aitortuko dio Tomek eta Jude Lawek dotoreziaz interpretatutako Dickiren bizimodu ziniko eta hedonista, Dickie bera, desiratuko du.

Mr.Ripleyk ezin izango du honen gaitzespena onartu. Hil eta hondoratu egingo du Capriko itsaso urdinean eta ikusleok plano pikatu kezkagarritik egingo dugu zelatan. Istorioak ezusteko bira eman eta heldu da thrillerraren unea. Mr.Ripleyk Dickie Greenleafen maskara jantziko du, azkenik. “Es mejor ser un alguien falso que un don nadie autentico”, aitortuko digu. Istorioko pertsonaia ambiguoek zapore gazi-gozoa utzi didate, errol “grixez” jositako pelikulan. Mr.Ripleyk bere talentuaz limurtu nau, beste behin ere.

jueves, 26 de noviembre de 2009

Zinebi 51



Ados. Zu eta biok ez dugu zinea edertasun huts bezala ulertzen, arteak ez datza perfekzio estetikoan, ez. Zer dakigu guk edertasunaz? Zer dakigu estetikaz? Eta teknikaz? Ni nekez ausartzen naiz plano ala fotografiaz baloraziorik egiten, dardarka izaten dut boligrafoa, zu konturatzen ez bazara ere. Arteak inpresionatzeak kitzikatzen gaitu, probokatu eta sakonean eskandalizatu ere egin gaitzaketela konturatzeak... horrek apasionatzen gaitu zu eta biok. Ez gara hedonistak zinearekin (Epikurok engainatu egiten zuen bere burua, badakizu). Sasi progrez jositako gizartean, artistek tarteka bortizki deitu behar dute hiritarron atentzioa, gure ikusmiratik haratago begira dezagun, gure xilborrak xurgatu ez gaitzan. Baina gaurkoan, deseroso sentitu naiz Arriagako besaulkietan. Eta ez nintzen deseroso laburmetrailek inpresionatu, probokatu ala eskandalizatu izanagatik, ez. Ez nintzen deseroso Al Gorek zioen "egi desatsegina" muturren aurrean jarri didatelako. Deseroso nengoen postura hartu ezinik nenbilelako, aurreko aulkia urrunegi zegoelako hankak haren gainean jartzeko.

lunes, 23 de noviembre de 2009

Amenabarfilia: The End



The End, oraingoz. Estilo pertsonala garatu duen Amenabarrek, film bakoitzarekin harritu nau, eta nekez jakin dezakegu nondik joko duen datozen proiektuetan. Ez diot genioaren etiketa zamatsua egotzi nahi, ez nuke inola ere lerrokatu gura. Edonola, Abre los Ojos genialaren bidea har dezan bultzatuko nuke, inon berarekin talka eginen banu. Amenabar hark apasionatu ninduen ni, zer nahi duzu?

lunes, 16 de noviembre de 2009

Amenabarfilia: Ágora



Beste zinegile espainiarrek ez dituzten pribilegioak erdietsi ditu Amenabarrek. Azken asteetan aztertu ditugun lau pelikulei nazioarteko sari andana aitortu zieten, takilan arrakasta izugarria izan eta kritikaren sektore zabala liluratu zuten. Kritikari bati zera irakurri nion: Amenabarrek sudur puntan jartzen zaion pelikula egin dezakela egun. Ez dakit, baliteke.

Berak Peplum genero zailari kutsu errealista emateko hautua egin du, zine komertziala eta "autore" zinea uztartuz, Hollywood Californiatik kanpo sortuaz. Produkzio erraldoiek ordea, zama itzela dakarte, aurrekontuko zeroen zama, eta honek nekez uzten du abentura erromantikoetarako tarterik.

Tesia zein den argi dago: erlijioarekin lotutako fanatismoa eta tolerantzia ezak eragiten dituen kalte eta biolentzia ia etengabekoa. Gaur-gaurko gaia da, eta ezin ukatu filmak ausart heldu diola, halako pelikuletan ohikoa baita kristauak biktima gisa agertzea, eta ez borrero.

Edonola, zuhaitzari adarrak ahul xamar atera zaizkio. Batetik, Hipatiaren beraren alderdi zientifikoa adabakiz osatuta dago. Han eta hemen sartutako sekuentzien bitartez haren burutazio eta aurkikuntzen berri eman nahi izan digu, oso era bortxatuan. Horrez gain, izan nahi den eta ez den maitasun istorioa guztiz jokoz kanpo geldituko da, eta Hipatiaren birjintasun zientifiko-espirituala batere sinesgarritasunik gabekoa da.

Hala eta guztiz ere, ikuslearen arreta bizirik mantentzen jakin du. Xedea film ikusgarri eta atsegina egitea baldin bazen, gorabeherak gorabehera, bete du. Hortik aparteko guztiak aurrekontu txikiagoetara itzultzen denerako utzi ditu.

Pre-Zinebi 51



Hasi gara beroketa ariketak egiten aurtengo 51. Zinebi jaialdirako. Aste honetan, aipamen berezia egin gura diet Simone de Beauvoir Taldeak dokumental eran aurkeztuko dituen bi film luzeei: asteazkenean ilunabarreko 20.00etan Heddy Honningmannek zuzendutako "El olvido" (Holanda-Alemania, 2007), eta ostegunean ordu berean Carmen Castillo errealizadore txiletarraren "Calle Santa Fe" (Frantzia, 2008) aste tarteko plan alternatiboak izan litezke.

Zinebi Klubak ordea, zinemaren munduarekin zerikusirik duten ekimenak urte osoan zehar ospatzen ditu. Hona hemen abendurako antolatu dituzten film laburren erakusketak:

Abenduaren 3a. 19.30etan Barrainkua Udaltegian
"Patria" Susana Barriga. Cuba dokumentala.
"Trovador" Sebastián Miló. Cuba fikzioa.
"Extravío" Daniellis Hernández. Cuba dok.
"La Bestia" Hilda Elena Vega. Cuba fik.
"13000" Jose Luis Barber. Cuba dok.

Abenduaren 10a. 19.30etan Barrainkua Udaltegian
"El Largo Viaje" Sabin Egilior. Euskadi dok.

Abenduaren 17a. 19.30etan Barrainkua Udaltegian
"Emisión 07, Experiencias Alternativas de Televisión. Arturo Rodriguez/Cristina Arraz. Euskadi exposición.
"Los Cuentos de Neguri". Ramón Churruca/Manuel Ortega. Euskadi exp.

Begiratu zazu zure intereseko informazioa http://www.zinebi.com/ web gunean.

lunes, 9 de noviembre de 2009

Amenabarfilia: Mar Adentro



Zuzendari madrildarraren hitzetan, heriotza da Tesis, Abre los ojos, Los otros eta Mar Adentro elkarrekin lotzen dituen zilbor-hestea. Azken asteetan komentatu bezala, erabat ados nago zinemagilearekin, eta denetan errealitatearen pertzepzioa kolokan jartzen duela erantsiko nuke. Postmodernoek dioten bezala, sujetuak eraikitzen du bere errealitatea, izatea "esse est percipi", guk pertzibitzen duguna da.

Sakoneko gaiak alde batera utzita, Amenabarren estiloaren koherentziak harritzen nau. Aurreko filmeak suspensezkoak ziren, eta honakoa, berriz, melodrama gordina. Istorio denek hartzen dute baina, ikuslearengana hurbiltzeko forma, baina Amenabarren kezka eta pintzeladek hortxe diraute.


Amenabarrek bidaia batera gonbidatzen du ikuslea Ramon Sanpedroren afera kontatzeko. Bidaia hori bizitzatik heriotzara doa, eta alderantziz. Bidaia da xedea. Zuzendariak hautu interesgarriak egin ditu istorioan; batetik, uko egiten die ohean mugitu ezinik dirauen Sampedroren flash backei. Hala, erabateko elbarritasuna eragin zion istripua da atzera begirako esplizito ia bakarra eta gainerakoak iradoki besterik ez dira egiten. Bestetik, zuzendariak amarauna sortzen du Sampedroren bizitza eta bere ingurukoena elkarri era naturalean lotuaz, eta bigarren mailako pertsonaiek enborreko istorioari adar interesgarriak eransten dizkiote. Ia bazterrean uzten du Sampedroren kasuak sortutako zurrunbilo judiziala eta legeaz aparte erakusten du bere ikuspuntu morala, hain berea den sentikortasunaz.

47 Ficxixón



Argiak, kamera, akzioa! Gijóneko zine jaialdia heltzear da, hilak 19an hasi eta 28an amaituko da zinemaldiaren 47. edizioa. Remulles saila da aurtengoan bitxikeria: FicXixónen aurrenekoz, ikuslegoak hautatuko du zine indenpendentea dakarkiten zuzendarien artean sariduna.

Ziklo bereziak, pelikulen proiekzioak, zuzendariekin solasaldiak, debateak eta zazpigarren arteari buruzko atzerabegirakoak izango dira. Alegia, zinean orohar topatu ezin ditugun hamaika aukera.
Musikaz blai izango da jaialdia, kontzertu andanaz gozatuko dute zinezaleek. Aipamen berezia merezi du Dean eta Brittak Andy Warholen Screen Test-entzat sorturiko interpretazioak.

Aukera duenak egin dezala ihes hiri asturiarrera eta murgil dadila zinean. Gainontzekook aurkeztuko diren pelikulez hedabideetan diotena hurbiletik jarraitzea besterik ez dugu. Tarteka zine komertzialetako karteleran amaitzen dute arrakasta izandakoek, ala akaso beste jaialdiren batean. Edonola, aurreko astean komentatu bezala, "para todo lo demás... eMule".